Errespetua interneten

Ekainaren 20an “Flammer-ak, Troll-ak eta Hater-ak, sareetako biztanle ankerrak” jardunaldian izan nintzen. http://www.errespetuainterneten.eus/ orrialdearen aurkezpenaren aitzakiarekin, gorrotoaren diskurtsoaren inguruan aritu ziren zenbait lagun.

Irantzu Varelak ireki zuen programa. Ohi denez, argi eta sendo hitz egin zuen. Hona hemen bere diskurtsotik ateratako esaldi batzuk:

“Sare sozialen agerpenarekin batera, diskurtso hegemonikoa indarra galtzen hasi da alde batetik sare sozielek bitartekariak baztertu dituztelako eta, horrela, iragazkiak beti ondoren aplikatzen direlako eta bestetik, hartzaileak izatetik igorle izatera pasa garelako.

Feminismotik umorea erabiltzen dugu eta horrela, adibidez, kalean egingo ez genituzkeen gauzak egiten ditugu.

Formatuak ere aldatu dira eta, ezinbestez, diskurtsoak horietara egokitu behar da: instagrameko story, youtuben edo post bat estilo desberdinak dira. Mezuak lehenago iristen ari dira lagun gehiagorengana. Honek guztiak zerikusi handia du azken boladan martxoaren 8an ikusten den neska koadrilarekin, adibidez.

Komunikabide berri bat sortzen den bakoitzean, mezu apokaliptikoak egoten dira eta oraingoan ere, horrela izaten ari da. Hala ere, sare sozialak ez dira Gaizkia, gure artean komunikatzen jarraituko dugu. Lehen entzuten ez zutenek horrela jarraituko dute.

Garatzen ari diren sozietateren irla bat dira: matxistak, arrazistak, supremazistak. Maiz, sareetan esaten digutena kalean delitua litzateke eta mehatxuek beldurra ematen dute zuzeneko biolentzia haztegia baitira. Bertan jasotzen den biolentziaren aurrean, erantzun kolektibo bat ematea ezinbestekoa da.

Berri ona da ohiko komunikabideak bertatik hasi direla edukia hartzen, hau da, aukera dago berriak sortzeko, agenda guk geuk markatzeko.”

Alex Gonzalez gamerrak bideojokuaren mundua hurbildu zigun. Txarrenetatik ez abiatzea agindu ondoren, ezagutzen ez nituen hitz pilo bat jarri zigun aurrean: smack talk, trash talk, griefing, swating, doxing…

Jazarpenaren aurrean, ez ikusiarena egitea, blokeatzea eta abisua ematea proposatu zuen. Jokatzen hasten garenean, jokalari “osasuntsuak” bilatzea gomendatu zuen, ezagutzen ez ditugunen gonbidapenak ez onartzea eta txata kontrolpean izatea, jokalari batzuk ixilarazten eta ume txikiak badaude, erabat ixten.

Vera Alonsok bere errealitatea aurkeztu zigun. Bere eskarmentua gogorra izan bada, zer izan daiteke 10 urteko neska-mutiko batentzat? Biolentzia honen aurrean norberaren defentsa mekanismoak garatzea komeni da, hala nola kanpo laguntza bilatzea eduki negatibo horiek birformulatzeko eta positibo bihurtzeko. Naizen elkarteari buruz ere hitz egin zigun.

Txani Rodriguezek Bilboko Antirumores tailerra aurkeztu zuen. Zurrumurruen zabalkundean, bi eragile aurkitzen ditugu: asmo txarrez sortzen duena eta xalotasunetik berbidaltzen duena. Lehenengoak hor jarraituko du, bigarrenarekin landu behar da jasotzen dugun zabor intoxikazioa gelditzeko. Berria iristen zaigunean, datuak aztertu behar ditugu; jarrera aktiboagoa hartu beharko genuke, gehiagotan sumatu.

Bestalde, besteen begirada landu behar da eta bide horretan literatura lagun dugu. Idaztean, bestearen tokian kokatu behar gara eta bere errealitatea hortik ezagutu.

Rosabel Argotek (CEAR) bide beretik jarraitu zuen: hiritarrek gorrotoaren mezua zabaltzeari uko egitea.

Ianire Estebanezek nerabeen arteko harreman toxikoei buruz hitz egin zuen eta jazarpenaren aurrean Eusko Jaurlaritzak martxan duen protokoloa aipatu zuen, Andaluziak argitaratutako gida didaktiko bat ere bai #yonocompartoviolencia.

Sareak gizartean dauden arazoen ispiluak besterik ez dira; ziberra tresna da, ez biolentziaren sortzailea. Jazarpena jaso duen neska non jartzen dugu? Zergatik behartzen dugu bere burua defendatzera? Gizarteak errua biktimaren gainean jartzen du oraindik ere, zabaldu dutenen artean egin beharrean.

Kondukta eredu horiek gazteek sortu dituztela haiei leporatzeari adultismoa deitu zion. Ez da horrela, irakatsi dieguna errepikatzen ari dira, gure eredua beste inguru batean islatzen ari dira.

Ziberbiolentzia agerian uzten ari da onespenari buruzko heziketa falta, hau da, betiko eredu sexualean jarraitzen dugula eta errua neskeena dela. Biolentzia gune publikoan gertatzen da eta ez dago ondoriorik: zer gertatzen zaie mezua zabaltzen dutenei edo ixiltzen direnei?

Erantzuna batera eman behar dugu, ezin ditugu bakarrik utzi. Ihes egitea ez da konponbidea, sareak sortu behar ditugu.

Vanessa Pereiro 116111 telefonoaren beste aldean egoten da eta bere laneko kontuak azaldu zizkigun. Zenbaki hori erabilgarri dago Europa mailan. Gazte, guraso edo gazteen inguruko profesionalentzat laguntza telematikoa da, doakoa eta anonimoa.

Ekimena sareetan dago (Twitter, Facebook edo Instagram). Telefono horretan deiak jasotzen dituzte, beraiek ez dute deitzen, beraz, ez dago segimendurik deitu duenak nahi ez badu.

Gehienetan, jazarpena egiten duten nerabeak ez dira kontzienteak zertan ari diren, zer eragiten ari diren, beraientzat broma bat besterik ez da. Tolerantzia, errespetua eta enpatia landu behar da.

Utzi iruzkina