Gaitasun digitala helduen irakaskuntzan. Oinarrizko jakintzak

BOE argitaratutako helduen irakaskuntzarako curriculuma irakurtzen.

TREBAKUNTZA DIGITALA

Arlo digitalaren hezkuntza-balioa lotuta dago bere gaitasun espezifikoak herritarren eguneroko testuinguruetan integratzearekin, eta hori curriculumaren ardatz nagusietako bat da. Arlo honen bidez, ikasle helduek ingurune digitaletan modu aktiboan, seguruan eta arduratsuan parte har dezaten laguntzen duten ikaskuntzak eskuratzen dira. Hori dela eta, gaitasun espezifikoen helburua da informazioa edo datuak Interneten bilaketen bidez lortzeko eta plataforma digitaletan erlazionatzeko eta elkarreragiteko beharrezkoak diren ezagutzak, trebetasunak eta jarrerak garatzea, ikasleek uler dezaten Internet informazioa, haren iturriak eta asmoak testuinguruan kokatzeko eta kontrastatzeko irizpideak aplikatzeko espazio bat dela, eta, aldi berean, ezinbesteko tresna dela bizialdi osoko ikaskuntza garatzeko eta egungo gizartean aktiboki parte hartzeko. Horrek esan nahi du datuak eta edukiak partekatzen eta informazioa hainbat formatutan sortzen eta berregiten ikasi behar duela, etiketa digitala, erabilera-lizentziak eta egile-eskubideak errespetatuz. Gaitasunek, halaber, ingurune digitalen erabilera desegokiari eta segurtasunik gabekoari lotutako arriskuak aintzat hartzea dakarte, bai eta identitate digitala eta datu pertsonalak, erabiltzaileen osasun fisikoa eta mentala eta ingurumena babesteko oinarrizko neurriak aplikatzea ere. Arloak, halaber, beharrezko ikaskuntzak ematen dizkie ikasleei, guztiek erabiltzeko gailu digitalen kudeaketarekin eta mantentze-lanekin lotutako oinarrizko arazoak konpontzeko.

Ebaluazio-irizpideak, gaitasun espezifikoen eskuratze-maila baloratzeko elementu gisa, ikasleak bere jardunari buruz hausnartzera, bere ohituren kontzientzia hartzera eta praktika desegokiekin errutina digital osasungarriak, iraunkorrak, seguruak eta kritikoak sortzera bideratuta daude.

Oinarrizko jakintzak elkarri lotutako lau bloketan antolatuta daude

Gailu digitalak, sistema eragileak eta komunikaziokoak multzoak jakintza batzuk biltzen ditu, bai gailu digitalen eta haien gailu konektatuen arkitektura eta oinarrizko osagaiak ezagutzen dituztenak (hardware), bai sistema eragileak eta komunikazio-sistemak eta Internet instalatzen eta konfiguratzen dituztenak  (softwarea). 

Ingurune pertsonala, soziala eta profesionala digitalizatzea blokeak alfabetatze digitalarekin lotutako ezagutzak, trebetasunak eta jarrerak biltzen ditu, eta, beraz, informazioaren bilaketarekin, hautaketarekin eta artxiboarekin, eduki digitalen edizioarekin eta sorkuntzarekin, eta ingurune digitaletan datuen lankidetzarekin eta hedapenarekin lotutako jakintzak biltzen ditu. 

Segurtasun eta ongizate digitala multzoak segurtasunaren hiru zutabeak ditu ardatz: gailuena, datuena eta pertsonen osotasunarena. Jakintza horiei esker, ikasleek prebentzio- eta babes-neurriak ezagutu eta inplementatu ahal izango dituzte, gailuek, datuek eta pertsonek ingurune digitaletan etengabe elkarreragiten duten mundu batean izan ditzaketen arriskuei eta mehatxuei aurre egiteko. Beraz, nortasun digitala zaintzearekin, datuen pribatutasunarekin eta hatz-marka digitalarekin lotutako alderdiak barne hartzen ditu. 

Herritartasun digital kritikoa blokeak erabilera jasangarriko ohiturekin eta sareko interaktibitatearekin lotutako jakintzak biltzen ditu, hau da, teknologiaren eragina, etiketa digitala, lizentzien erabilera edo partekatutako baliabide digitalen jabetza intelektuala bezalako gaiak biltzen ditu, baita albiste faltsuak eta iruzurrak detektatzeko estrategiak ere.

Arlo digitalak aukera eman behar du ikasle helduen errealitatea curriculumeko elementuekin konektatzeko, tresna eta teknologia digitalen erabilera pertsonalekin, sozialekin, prestakuntzarekin eta lanarekin lotutako zalantzak eta arazoak oinarri hartuta. Era berean, sareko segurtasuna hobetu behar du, baita beste pertsona batzuekiko eta erabilera komuneko aplikazioekiko elkarrekintzak ere. Arloa behar bezala garatzeko, ikaskuntza-egoerak diseinatzea gomendatzen da, ikasleen prestakuntza-premietara egokitzen diren eta antolamendu kognitiboan eta gizarte-, pertsona- eta lan-arloko eskaerei aurre egiteko erabaki-gaitasunean aldaketak eragiten dituzten ikaskuntza-esperientziak sortzen dituzten testuinguruan kokatutako zereginak ebazteko.

Lanpostu berria

Traste zaharrak

Ikasturte honetan lanpostu berria dut. Hemendik aurrera, HHI ikastetxe batean arituko naiz, helduen irakaskuntzan. Nire zeregina dezente aldatuko da, ez erabat ordea. Gaikuntza digitala ematea tokatu zait, orain arte landu dudan horretatik ez naiz oso urrutira joango.

Ideia batzuk ditut dantzan, ordenatzea gelditzen da. Horretarako, marko egokia behar da eta zer hoberik aurten arigtaratu den curriculuma baino.

Bertan gaitsaun digitala horrela ulertzen da:

Gaitasun digitala: informazioaren teknologiek hezkuntzarako, lanerako, aisialdirako eta gizarte-komunikaziorako ematen dituzten tresnak modu kritiko, seguru sortzailea eta independientean erabiltzeko beharrezkoak diren ezagutza, trebetasun eta jarrera multzoa.

«BOE» núm. 173, de 21 de julio de 2023

Ezagutzak dagoeneko ezarrita dauden gertaera, zifra, kontzeptu, ideia eta teoriez osatuta daude, eta arlo edo gai jakin bat ulertarazten laguntzen dute.

Trebetasunak habilidadeak dira prozesuak egiteko eta emaitzak lortu ahal izateko norberaren ezagutzak erabiltzeko.

Jarrerek deskribatzen dute pentsaera eta ideien, pertsonen edo egoeren aurrean jarduteko edo erantzuteko prestasuna.

Gaitasun honek teknologia digitalen erabilera segurua, osasungarria, jasangarria, kritikoa eta arduratsua eskatzen du bai ikaskuntzan, bai lanean bai eta gizartean parte hartzean, hala nola horiekin elkarreragina izatea. 

Barne hartzen ditu informazio eta datuen alfabetizazioa, komunikazioa eta lankidetza, hezkuntza mediatikoa, eduki digitalen sorkuntza (programazioa barne), segurtasuna (ongizate digitala eta zibersegurtasunarekin zerikusia duten gaitasunak barne), herritartasun digitalarekin, pribatutasunarekin, jabetza intelektualarekin, arazoen ebazpenarekin eta pentsamendu konputazional eta kritikoarekin zerikusia duten gaiak.

Zurrumurruen kontrako iuin lehiaketa

Pasa den astean aita lagundu nuen sari bat jasotzera. Gizona ez da ongi moldatzen gidatzeko, eta ez du oso ongi eramaten azken boladan izan dugun harreman sozialen murrizketa, baina ordenagailuak bizipoza ematen dio idazten jarraitzeko eta ez-dakit-nongo lagunekin ez-dakit-zein hizkuntzatan hitz egiteko.

Gainera, noiz edo noiz saritxo bat ematen badiote, zer gehiago eska daiteke? Oraingoan Sakanako mankomunitateak antolatzen duen “Zurrumurruen kontrako ipuin lehiaketa” parte hartu du eta irabazi.

Diskurtsoa ere prestatu zuen, baina sari banaketa azkar batean joan zenez, irakurri gabe gelditu zen. Eta hauxe da post honen arrazoia, idatzitako hitzalditxo hori hona ekartzea garai horretako estilo ponpoxoa nonbaiten geldi dadila.


En mi narración titulada: “Del diario acontecer en un Portal de viviendas”  doy voz y voto a un Portal sito en Altsasu, en cuya arcada de entrada según nos dice, preside un marco estable en sus adentros de convivencias ejemplares ubicando en el bloque,  gentes de procedencias lejanas y variopintas en razas y etnias
El nos cuenta las vivencias de los moradores de los siete pisos que completan el edificio, narrando lo que ve y escucha de unos y otros; quienes entran, suben y bajan escaleras entre cruzándose en los descansillos en el diario coexistir.
Con sus comentarios un tanto chismosos, viene a enterarnos de los modos y formas de entender  convivencias diarias entre personas de distintas idiosincrasias.  Unos somos alsasuarras de pro, otros llegados de Sudamérica, también asientan norteafricanos y en el piso 4º  conviven cinco muchachos ucranianos.
Pues bien, viene a decir nuestro señor Portal en un retrato más bien naif, que el entente y la tolerancia es posible y hasta necesaria ubicarla como forma y manera de desenvolvernos los humanos siempre y cuando  impere el respeto entre vecinos de puertas adentro y también entre colindantes de aceras comunales, generalizando.
Si a ello en estos y otros contactos añadimos un toque de gesto sonriente y expresamos los deseos de `los buenos días, tardes y noches` ya damos pasos firmes para entender una camaradería abierta a todos los posibles de un pacífico convivir.
 Nuestro Portal conocedor de eventos varios entre entes llegados de otros  Países, viene  a decirnos  que la vida es  más llevadera, más convincente,   más digna y  que es  posible entre personas de buena voluntad. Aceptar, acoger  con vibraciones  óptimas los matices positivos la palabra: DIVERSIDAD
En mi calidad de vecino cohabitante de dicho Portal, doy fe de ello llevando a cabo este alegato escriturado poniendo manifiestos e inquietudes en un Portal  de los tantos que pueblan nuestro querido por sufrido corredor de Sakana.

Ba, horixe, hurrengo batean aurkeztu zuen testua, edo agian, gune bat ireki beharko nioke altxor horiek argitaratzeko.

IKT dinamizatzaile figuraren inguruan

Duela aste batzuk UEUk antolatutako mahai inguru batean parte hartu nuen, Irakasleen Prestakuntza Unibertsitate Masterra programaren barruan. Gaia “Spftware libre Hezkuntzan” bazen ere, nire egunerokoan ikusten dudan hainbat kontu azaldu nuen gehienbat. Planteatutako gaiari buruz informazio pertinentea emateko, askoz egokiagoa ziren mahaikideak: Juan Ezeiza, Egoitz Aldakur eta Jokin Lacalle.

https://twitter.com/aitzolete/status/1360522151514804228

Nire lanpostuaren profila ikastetxe publikoekin lotuta dago gehienbat. Mintegiak, programak eta bestelakoak haiekin eramaten ditut aurrera. Modu puntualean itunpeko ikastetxeetara ere hurbiltzen naiz eta haien errealitatea ere gainetik  ezagutzen dut.

Nire zereginak bi deialdien inguruan banatzen dira: alde batetik IKT heldutasun eredua (ikastetxeak duen IKT profila) eta Sare_Hezkuntza. Justu egun hauetan atera da SHren deialdia, azken-azkena izango dena.

Proiektu honen arabera, ikastetxeak 2 urtez dirulaguntza bat du (5000 € orotara gehienez) eta lagun baten jardunaldi erdia proiektua aurrera ateratzeko. Indarra egiten da irakasleen formazioan eta ikasleek konpetentzia digitala garatzeko moduan.  Behin epe hori amaitu ondoren, sarearen partaidea izatera pasatzen dira eta horrek eskubidea ematen die gailuak erosiz gero, beken deialdian (iraila aldean) gurasoek dirulaguntza eskatu ahal izatea. Honen arabera, gailuak ikasleenak dira, ez eskolarenak eta haien ardura ere bai. Ikasle bakoitzak eskolak erabaki duen gailua du.

Orain, departamentuan zenbait aldaketa egon dira eta ikusten ari gara proiektuak aldatuko direla. Sare_Hezkuntza deialdia urtebeterako atera da, plan berria birformulatzen duten bitartean eta ikastetxeetara ikasleentzat gailuak iritsiko direla agindu dute, hau da, gailuen ardura eskolarena izango da. Badakigu datorren ikasturteko planteamendua desberdina izango dela, baina oraindik ez zein izango den.

Egun, Sare_Hezkuntza garatzen ari ez den ikastetxe batek oso ordu gutxi ditu IKTrako. Lanpostu zerrenda argitaratzen denean, ordu sorta bat azaltzen da ekimenak aurrera eraman ahal izateko: hizkuntza, STEAM, hezkidetza… horien artean dago IKT orduak, hau da, beste proiektuei lehentasuna “eman” nahi badiegu, honi “kendu” beharko diogu.

Bere garaian, digitalizazioaren hasieran, “premia” figura sortu zuten. Lagun batek, maisu-maistra edo irakasle, gailuen eta IKT dinamizatzearen ardura hartzen zuen. Geroxeago baztertu zen gaurko eredura iritsi arte. Premia figura ez dago paperetan, hala ere, figura sendo egon den ikastetxeetan, IKT dinamizatzailea izendatzeko premia erabiltzen da. Gailuen konponketa kanpoko enpresa batek eramaten du eta, teorian, norberak bere gailuaren abisua eman beharko luke arazo bat sortzen denean.

Kontestu horretan jarri behar dugu irakasle motibatuaren figura. Hau da, eskola batean IKT dinamizatzailea norbait izendatzen dutenean gogo eta gustu handiz hartu behar da lana, ordu asko baitira eta aitortzarik ez. Gainera, ikastetxe publikoetan mugikortasun handia egoten denez, ikasturte hasiera guztietan formazioa azkar-motz bat egin behar izaten dute laster eskolako intzidentziei erantzun ahal izateko.

Hori esanda, nire iritzia nonbait azaldu beharko banu, ez nago eskoletan lagun bat egotea arlo teknikoa konpontzearen alde, nik bultzatuko nuke aitortutako talde eragilea, ardura batzuen artean banatzea elkarlana bultzatuz. 

Soporte eta laguntza lagun baten esku uzten badugu, zer-nolako profila izan beharko luke? Teknikoa? Noiz edo noiz lanbide heziketako ikasleak etortzen dira praktikak egitera eskoletara. Hirugarren asterako erdi-aspertuta egoten dira gailu guztiak egunean jarri ondoren. Itunpeko ikastetxe batean, adibidez, horrelako figura dute ia 2000 ordenagailu kudeatzeko. Eskola txikietan ere tekniko bana beharko genuke? Nola partekatzen da haren zeregina? Bertako irakasleren bat? Eskarmentuak esaten dit ideia ona ez dela, pertsona hori desagertzen denean, etxean dagoen azpiegitura osoa galtzen dela eta oraindik zailagoa dela berriarentzat 0tik hastea. Tekniko batek dinamizazio lana egin dezake? Ez ote da errazago dinamizatzaile batek teknikoren lana egitea? Gainera, ikastetxeak Chromebookekin bete dira. Gailu horien mantenua konpontzera bidaltzea da, askoz gehiago ez. Idazkariak eraman dezake ordezko gailuen mailegua eta zerbitzu teknikoaren kontaktua. Ez teknikoa, ez dinamizatzailea.

Laburbilduz, teknikoaren figura ulertuko nuke ikastetxe oso-oso-oso handietan, bestela elkarlanean ari den dinamizatzaile talde baten esku egon beharko luke plan digitala. Horien helburu nagusia irakasleen konpetentzia-digital garatzea izan beharko luke, ikasleengan eragina izan ahal izateko. Jakina, irakasleen konpetentzia digitalaren barruan, 5. puntuan, arazoak konpontzea dugu eta tarteko mailan horrela izendatuta dago: “Bere zeregin profesionaletan erabili ohi dituen gailu eta ingurune digitalei loturiko arazo tekniko ez-konplexuak konpontzen ditu, eskura duen informazio edo eskuliburu teknikoa erabiliz”. Nire ustez, irakasle bati ezin zaio gutxiago eskatu.

Talde horrek behar duen aitortza eta denbora izan beharko lituzke bere lana fundamentuz garatu ahal izateko: irakasleengan autonomia digitala sustatu eta konpetentzia bultzatu ikasleek hiritar garapenean lagundu ahal izateko.

Ebaluazioa eta plataformak

Donostiako Berritzeguneak antolatu duen “Ebaluazio hezitzailea eta hezigarria” ikastaroan parte hartzera gonbidatu ninduten arlo teknologikoa lantzera.

Hasieran baliabide desberdinei buruz hitz egiteko asmoa nuen; bukaeran, Moodle eta Classroom gainetik aztertu eta hor gelditu zen kontua.

Datu gehiegi izan ziren, horregatik, nire eskema osatu dut hainbat loturekin, norbaitek interesa izanez gero, bere aldetik ikertzen jarraitzeko.

Argi gelditu zen ebaluazioaz ari garenean ere, Moodle erabiltzea askoz hobea dela Classroom baino.

Zaharrak berri

Aurreko ikasturtea nahiko denbora libre nuenez, gune hau biziberritzeko asmoa nuen. Asmoa. Denbora azkar pasa zen eta konturatzeko, berriro ere, eguneroko errutinak gainditu nau.

Gaur, igande goizeko beste lanei ez ekiteko gunea ireki dudanean, zirriborroetan mezu zahar batzuk topatu ditut. Berriak bezala argitaratzeak ez du zentzurik, galtzeak pena ematen dit. Zer egin? Ba, hemen gehitu eta hurrengoetan zirriborroetan sartzen banaiz, barren-kezka sortzen didan hori ez dut ikusiko eta, behingoz, gai berriei fundamentuz helduko diet. Hala bedi!

—————————————————–

(2019-VI)
Konpetentzia digitala eskola komunitatean aurkeztea tokatu zait eta hauek dira jardunaldian aurkeztu ditudan lotura batzuk:

Konpetentzia digitala eskola komunitatean aurkeztea tokatu zait eta hauek dira jardunaldian aurkeztu ditudan lotura batzuk:

—————————————————–

IEB 2018

2017/2018 ikasturteko #lotsamoment, “Hezkuntza teknologian, teknologia hezkuntzan“, ni baino handiagoak diren saltsetan sartzen naizenetan.

“Hezkuntza teknologikoa eta teknologia hezkunzan”

—————————————————–

Ea pendienteen atala garbitu ondoren gai ote naizen nire apunteak txukun mantentzeko!

Errespetua interneten

Ekainaren 20an “Flammer-ak, Troll-ak eta Hater-ak, sareetako biztanle ankerrak” jardunaldian izan nintzen. http://www.errespetuainterneten.eus/ orrialdearen aurkezpenaren aitzakiarekin, gorrotoaren diskurtsoaren inguruan aritu ziren zenbait lagun.

Irantzu Varelak ireki zuen programa. Ohi denez, argi eta sendo hitz egin zuen. Hona hemen bere diskurtsotik ateratako esaldi batzuk:

“Sare sozialen agerpenarekin batera, diskurtso hegemonikoa indarra galtzen hasi da alde batetik sare sozielek bitartekariak baztertu dituztelako eta, horrela, iragazkiak beti ondoren aplikatzen direlako eta bestetik, hartzaileak izatetik igorle izatera pasa garelako.

Feminismotik umorea erabiltzen dugu eta horrela, adibidez, kalean egingo ez genituzkeen gauzak egiten ditugu.

Formatuak ere aldatu dira eta, ezinbestez, diskurtsoak horietara egokitu behar da: instagrameko story, youtuben edo post bat estilo desberdinak dira. Mezuak lehenago iristen ari dira lagun gehiagorengana. Honek guztiak zerikusi handia du azken boladan martxoaren 8an ikusten den neska koadrilarekin, adibidez.

Komunikabide berri bat sortzen den bakoitzean, mezu apokaliptikoak egoten dira eta oraingoan ere, horrela izaten ari da. Hala ere, sare sozialak ez dira Gaizkia, gure artean komunikatzen jarraituko dugu. Lehen entzuten ez zutenek horrela jarraituko dute.

Garatzen ari diren sozietateren irla bat dira: matxistak, arrazistak, supremazistak. Maiz, sareetan esaten digutena kalean delitua litzateke eta mehatxuek beldurra ematen dute zuzeneko biolentzia haztegia baitira. Bertan jasotzen den biolentziaren aurrean, erantzun kolektibo bat ematea ezinbestekoa da.

Berri ona da ohiko komunikabideak bertatik hasi direla edukia hartzen, hau da, aukera dago berriak sortzeko, agenda guk geuk markatzeko.”

Alex Gonzalez gamerrak bideojokuaren mundua hurbildu zigun. Txarrenetatik ez abiatzea agindu ondoren, ezagutzen ez nituen hitz pilo bat jarri zigun aurrean: smack talk, trash talk, griefing, swating, doxing…

Jazarpenaren aurrean, ez ikusiarena egitea, blokeatzea eta abisua ematea proposatu zuen. Jokatzen hasten garenean, jokalari “osasuntsuak” bilatzea gomendatu zuen, ezagutzen ez ditugunen gonbidapenak ez onartzea eta txata kontrolpean izatea, jokalari batzuk ixilarazten eta ume txikiak badaude, erabat ixten.

Vera Alonsok bere errealitatea aurkeztu zigun. Bere eskarmentua gogorra izan bada, zer izan daiteke 10 urteko neska-mutiko batentzat? Biolentzia honen aurrean norberaren defentsa mekanismoak garatzea komeni da, hala nola kanpo laguntza bilatzea eduki negatibo horiek birformulatzeko eta positibo bihurtzeko. Naizen elkarteari buruz ere hitz egin zigun.

Txani Rodriguezek Bilboko Antirumores tailerra aurkeztu zuen. Zurrumurruen zabalkundean, bi eragile aurkitzen ditugu: asmo txarrez sortzen duena eta xalotasunetik berbidaltzen duena. Lehenengoak hor jarraituko du, bigarrenarekin landu behar da jasotzen dugun zabor intoxikazioa gelditzeko. Berria iristen zaigunean, datuak aztertu behar ditugu; jarrera aktiboagoa hartu beharko genuke, gehiagotan sumatu.

Bestalde, besteen begirada landu behar da eta bide horretan literatura lagun dugu. Idaztean, bestearen tokian kokatu behar gara eta bere errealitatea hortik ezagutu.

Rosabel Argotek (CEAR) bide beretik jarraitu zuen: hiritarrek gorrotoaren mezua zabaltzeari uko egitea.

Ianire Estebanezek nerabeen arteko harreman toxikoei buruz hitz egin zuen eta jazarpenaren aurrean Eusko Jaurlaritzak martxan duen protokoloa aipatu zuen, Andaluziak argitaratutako gida didaktiko bat ere bai #yonocompartoviolencia.

Sareak gizartean dauden arazoen ispiluak besterik ez dira; ziberra tresna da, ez biolentziaren sortzailea. Jazarpena jaso duen neska non jartzen dugu? Zergatik behartzen dugu bere burua defendatzera? Gizarteak errua biktimaren gainean jartzen du oraindik ere, zabaldu dutenen artean egin beharrean.

Kondukta eredu horiek gazteek sortu dituztela haiei leporatzeari adultismoa deitu zion. Ez da horrela, irakatsi dieguna errepikatzen ari dira, gure eredua beste inguru batean islatzen ari dira.

Ziberbiolentzia agerian uzten ari da onespenari buruzko heziketa falta, hau da, betiko eredu sexualean jarraitzen dugula eta errua neskeena dela. Biolentzia gune publikoan gertatzen da eta ez dago ondoriorik: zer gertatzen zaie mezua zabaltzen dutenei edo ixiltzen direnei?

Erantzuna batera eman behar dugu, ezin ditugu bakarrik utzi. Ihes egitea ez da konponbidea, sareak sortu behar ditugu.

Vanessa Pereiro 116111 telefonoaren beste aldean egoten da eta bere laneko kontuak azaldu zizkigun. Zenbaki hori erabilgarri dago Europa mailan. Gazte, guraso edo gazteen inguruko profesionalentzat laguntza telematikoa da, doakoa eta anonimoa.

Ekimena sareetan dago (Twitter, Facebook edo Instagram). Telefono horretan deiak jasotzen dituzte, beraiek ez dute deitzen, beraz, ez dago segimendurik deitu duenak nahi ez badu.

Gehienetan, jazarpena egiten duten nerabeak ez dira kontzienteak zertan ari diren, zer eragiten ari diren, beraientzat broma bat besterik ez da. Tolerantzia, errespetua eta enpatia landu behar da.

Umeak eta hedabideak. American Academy of Pediatrics-en aholkuak

@maisujabi.k artikulu bat partekatu zuen sarean eta gustatu zaidanez, euskaraz hona ekartzea pentsatu dut: Children and Media Tips from the American Academy of Pediatrics.


Haurrak “digitalki hazten” ari diren mundu honetan, garrantzitsua da erabilera eta herritartasun digital kontzeptu osasuntsuak garatzen laguntzea. Gurasoak oso inportanteak dira gaitasun hauen irakaskuntzan. Hona hemen etengabe aldatzen ari den paisaia digitala kudeatzeko aholku batzuk familientzat.

Egin ezazu zure hedabideen erabileraren familia-plana. Komunikabideek zuretzat funtzionatu behar dute, zure guraso-estilo eta familia-balioen arabera. Modu arduratsuan eta egokian erabiltzen direnean, hedabideek eguneroko bizitza hobetu dezakete, baina modu desegokian edo pentsatu gabe erabiltzen direnean, jarduera garrantzitsu asko muga ditzakete, hala nola, aurrez aurreko elkarrekintza, denbora familian, aire zabaleko jokoak, ariketa, deskonektatutako jarduerarik gabeko denbora eta loa. Egin zure plana HealthyChildren.org/MediaUseplan-en.

IKTak tratatu zure seme-alabaren beste edozein girorekin egingo zenukeen bezala. Jarraibide berdinak aplikatu ingurune errealetan zein birtualetan: mugak ezarri, haurrek behar dituzte eta zain daude; ezagutu zure seme-alaben lagunak, bai linean, bai kanpoan; zer plataforma, software eta aplikazioak erabiltzen ari diren, bisitatzen ari diren tokiak eta zer egiten ari diren.

Ezarri mugak eta sustatu jolas-denbora. IKTen erabilerak, gainerako jarduera guztiek bezala, zentzuzko mugak izan behar ditu. Egituratu gabeko jolasek eta lineatik kanpo egoteak sormena sustatzen dute. Lehenetsi egunerokoan deskonektatuta dagoen denbora, bereziki haur txikientzat.

Pantailaren aurrean ematen den denbora osoak ez luke bakarrik egoteko denbora izan behar. Seme-alabekin partekatu, jolastu eta haiekin parte hartu pantailak erabiltzen direnean, horrela gizarte-elkarrekintzak, lotura afektiboak eta ikaskuntza sustatzen da. Jolas ezazu bideojokoetara seme-alabekin, kirol espiritua eta jokoaren etiketa erakusteko modu ona da eta. Ikusi programak haiekin; zure bizitza-esperientziak, perspektibak eta orientazioa aurkezteko eta partekatzeko aukera izango duzu. Ez mugatu haurrak linean monitorizatzera, saia zaitez haiekin elkar eragiten, egiten ari direna uler dezakezu eta horren parte izan.

Eredu ona izan, irakatsi adeitasuna eta modu onak. Haurrak imitatzaile handiak direnez, zure hedabideen erabilera mugatu. Izan ere, eskuragarriagoa egongo zara beraiekin ari bazara besarkatzen edo jolasten pantaila bati begira beharrean.

Ezagut ezazu aurrez aurreko komunikazioaren balioa. Haur txikiek hobeto ikasten dute bi norabideko komunikazioaren bidez. Joan-etorriko “hizketaldian” parte hartzea funtsezkoa da hizkuntza garatzeko. Elkarrizketak aurrez aurre izan daitezke edo, beharrezkoa bada, bideokonferentzia bidez guraso bidaiari batekin edo urrutiko familiar batekin. Ikerketek erakutsi dutenez, “joan-etorriko elkarrizketa” horrek hizkuntza-trebetasunak hobetzen ditu, entzuketa “pasiboa” edo norabide bakarreko elkarreragina pantaila batekin baino askoz gehiago.

Baliabide digitalak mugatu familiako kide gazteenentzat. Ez erabili baliabide digitalik 18 eta 24 hilabete bitarteko haurrekin bideokonferentziak ez badira. Adin horretako haurrekin batera ikusi behar dira hedabideak, ikusten eta zurekin hitz egiten ikasten dutelako. Eskolaurreko haurrei pantailaren erabilera mugatu, 2 urtetik 5 urtera bitarteko haurrentzat, kalitate handiko programazioaren egunean ordubete baino ez. Beste behin ere, hobe da elkarrekin ikustea posible denean, haur txikiek hobeto ikasten baitute mundu errealean pantaila baten bidez ikusi dutena gurera ekartzen dugunean. Beraz, Erniek d letra erakutsi berri badu, beranduago errepika dezakezu, afaltzen ari denean edo seme-alabarekin denbora pasan ari zarenean.

Teknologiarik gabeko gune askeak sortu. Familiako janari-orduak, familiako eta gizarteko beste elkargune batzuk eta haurren logelak pantailarik gabe mantendu. Itzali ikusten ari ez zaren telebista, aurrez aurreko denbora lapur baitezake. Karga itzazue gailuak gauean logelatik kanpo erabiltzeko tentazioa saihesteko. Aldaketa horiek sustatzen dituzte familian denbora gehiago, elikadura-ohitura osasungarriagoak eta amets hobea.

Ez erabili teknologia lasaigarri emozional gisa. Komunikabideak oso eraginkorrak izan daitezke haurrak baretzeko eta isiltzeko, baina ez luke izan behar lasaitzeko ikasten duten modu bakarra. Haurrei emozio sendoak identifikatzen eta erabiltzen irakatsi behar zaizkie, hala nola, asperdura maneiatzen edo erlaxatzen arnasa hartzen; horretarako, arazoa konpontzeko moduei buruz hitz egin eta emozioak bideratzeko beste estrategia batzuk aurkitzen lagundu.

Haurrentzako aplikazioak. Etxeko lanak egin. 80.000 aplikazio baino gehiagok dute “hezigarria” etiketa, baina ikerketa gutxik erakutsi dute bere kalitatea. “Interaktibo” gisa aurkeztutako produktuek “bultzatu eta kolpatu” baino zerbait gehiago eskatu beharko lukete. Erabakiak hartzeko momentuan Common Sense Media (www.commonsensemedia.org) bezalako erakundeetan bilatu adin baterako aplikazio egokiak, jokoei eta programei buruzko buruzko iruzkinak.

Nerabea online egotea ondo dago. Bertan ematen diren harremanak ohiko garapenaren parte dira. Gizarte-hedabideek lagun diezaiekete bere burua eta bere tokia helduen munduan sakonago ezagutzen. Ziurtatu modu egokian ari dela bai mundu errealean, bai sarean. Gogorarazi plataformen pribatutasun-konfigurazioak ez duela egiten gauzak benetan “pribatuak” izatea; eta bertan partekatzen dituzten irudiak, pentsamenduak eta portaerak bere aztarna digitalaren zatia izango direla. Komunikazio bideak irekita mantendu eta jakinarazi galderak edo kezkak izanez gero, zu hor egongo zarela.

Pribatutasuanaren garrantzia eta predatzaile eta sextingaren arriskua ohartarazi. Nerabeek jakin behar dute behin edukia beste batzuekin partekatu dutela, ezin izango dutela erabat ezabatu, irudi desegokiak barne. Baliteke, halaber, pribatutasun-konfigurazioa ez ezagutzea edo ez aukeratzea. Ohartarazi behar da sexu-delitugileek sare sozialak, txat aretoak, posta elektronikoa eta jokoak erabiltzen dituztela beraiekin harremanetan jartzeko.

Gogoratu: haurrak haur dira. Akatsak egiten dituzte komunikabideak erabiltzean. Saiatu akatsak enpatiaz erabiltzen eta hortik sortzen irakasteko une bat. Sextinga, bullying edo norberarentzat kaltegarriak izan daitezkeen irudiak argitaratzea bezalako indiskrezioak alarma-seinale bat izan daitezke, eta arazoak egon daitezkeela abisatzen dute. Gurasoek arretaz begiratu behar dituzte seme-alaben jokabideak eta, beharrezkoa bada, laguntza profesionala eskatu, familiaren pediatrak barne.

Komunikabideak eta gailu digitalak gure egungo munduaren zatiak dira. Gailu horien onurak, neurriz eta egokiro erabiltzen badira, handiak izan daitezke. Hala ere, ikerketek erakutsi dutenez, familiarekin, lagunekin eta irakasleekin aurrez aurre dugun denbora funtsezkoa da haurren ikaskuntza eta garapen osasuntsua sustatzeko. Mantendu aurrez aurrekoa eta ez utzi gal dezan bitarteko eta teknologia korronte baten atzean.