IKT dinamizatzaile figuraren inguruan

Duela aste batzuk UEUk antolatutako mahai inguru batean parte hartu nuen, Irakasleen Prestakuntza Unibertsitate Masterra programaren barruan. Gaia “Spftware libre Hezkuntzan” bazen ere, nire egunerokoan ikusten dudan hainbat kontu azaldu nuen gehienbat. Planteatutako gaiari buruz informazio pertinentea emateko, askoz egokiagoa ziren mahaikideak: Juan Ezeiza, Egoitz Aldakur eta Jokin Lacalle.

https://twitter.com/aitzolete/status/1360522151514804228

Nire lanpostuaren profila ikastetxe publikoekin lotuta dago gehienbat. Mintegiak, programak eta bestelakoak haiekin eramaten ditut aurrera. Modu puntualean itunpeko ikastetxeetara ere hurbiltzen naiz eta haien errealitatea ere gainetik  ezagutzen dut.

Nire zereginak bi deialdien inguruan banatzen dira: alde batetik IKT heldutasun eredua (ikastetxeak duen IKT profila) eta Sare_Hezkuntza. Justu egun hauetan atera da SHren deialdia, azken-azkena izango dena.

Proiektu honen arabera, ikastetxeak 2 urtez dirulaguntza bat du (5000 € orotara gehienez) eta lagun baten jardunaldi erdia proiektua aurrera ateratzeko. Indarra egiten da irakasleen formazioan eta ikasleek konpetentzia digitala garatzeko moduan.  Behin epe hori amaitu ondoren, sarearen partaidea izatera pasatzen dira eta horrek eskubidea ematen die gailuak erosiz gero, beken deialdian (iraila aldean) gurasoek dirulaguntza eskatu ahal izatea. Honen arabera, gailuak ikasleenak dira, ez eskolarenak eta haien ardura ere bai. Ikasle bakoitzak eskolak erabaki duen gailua du.

Orain, departamentuan zenbait aldaketa egon dira eta ikusten ari gara proiektuak aldatuko direla. Sare_Hezkuntza deialdia urtebeterako atera da, plan berria birformulatzen duten bitartean eta ikastetxeetara ikasleentzat gailuak iritsiko direla agindu dute, hau da, gailuen ardura eskolarena izango da. Badakigu datorren ikasturteko planteamendua desberdina izango dela, baina oraindik ez zein izango den.

Egun, Sare_Hezkuntza garatzen ari ez den ikastetxe batek oso ordu gutxi ditu IKTrako. Lanpostu zerrenda argitaratzen denean, ordu sorta bat azaltzen da ekimenak aurrera eraman ahal izateko: hizkuntza, STEAM, hezkidetza… horien artean dago IKT orduak, hau da, beste proiektuei lehentasuna “eman” nahi badiegu, honi “kendu” beharko diogu.

Bere garaian, digitalizazioaren hasieran, “premia” figura sortu zuten. Lagun batek, maisu-maistra edo irakasle, gailuen eta IKT dinamizatzearen ardura hartzen zuen. Geroxeago baztertu zen gaurko eredura iritsi arte. Premia figura ez dago paperetan, hala ere, figura sendo egon den ikastetxeetan, IKT dinamizatzailea izendatzeko premia erabiltzen da. Gailuen konponketa kanpoko enpresa batek eramaten du eta, teorian, norberak bere gailuaren abisua eman beharko luke arazo bat sortzen denean.

Kontestu horretan jarri behar dugu irakasle motibatuaren figura. Hau da, eskola batean IKT dinamizatzailea norbait izendatzen dutenean gogo eta gustu handiz hartu behar da lana, ordu asko baitira eta aitortzarik ez. Gainera, ikastetxe publikoetan mugikortasun handia egoten denez, ikasturte hasiera guztietan formazioa azkar-motz bat egin behar izaten dute laster eskolako intzidentziei erantzun ahal izateko.

Hori esanda, nire iritzia nonbait azaldu beharko banu, ez nago eskoletan lagun bat egotea arlo teknikoa konpontzearen alde, nik bultzatuko nuke aitortutako talde eragilea, ardura batzuen artean banatzea elkarlana bultzatuz. 

Soporte eta laguntza lagun baten esku uzten badugu, zer-nolako profila izan beharko luke? Teknikoa? Noiz edo noiz lanbide heziketako ikasleak etortzen dira praktikak egitera eskoletara. Hirugarren asterako erdi-aspertuta egoten dira gailu guztiak egunean jarri ondoren. Itunpeko ikastetxe batean, adibidez, horrelako figura dute ia 2000 ordenagailu kudeatzeko. Eskola txikietan ere tekniko bana beharko genuke? Nola partekatzen da haren zeregina? Bertako irakasleren bat? Eskarmentuak esaten dit ideia ona ez dela, pertsona hori desagertzen denean, etxean dagoen azpiegitura osoa galtzen dela eta oraindik zailagoa dela berriarentzat 0tik hastea. Tekniko batek dinamizazio lana egin dezake? Ez ote da errazago dinamizatzaile batek teknikoren lana egitea? Gainera, ikastetxeak Chromebookekin bete dira. Gailu horien mantenua konpontzera bidaltzea da, askoz gehiago ez. Idazkariak eraman dezake ordezko gailuen mailegua eta zerbitzu teknikoaren kontaktua. Ez teknikoa, ez dinamizatzailea.

Laburbilduz, teknikoaren figura ulertuko nuke ikastetxe oso-oso-oso handietan, bestela elkarlanean ari den dinamizatzaile talde baten esku egon beharko luke plan digitala. Horien helburu nagusia irakasleen konpetentzia-digital garatzea izan beharko luke, ikasleengan eragina izan ahal izateko. Jakina, irakasleen konpetentzia digitalaren barruan, 5. puntuan, arazoak konpontzea dugu eta tarteko mailan horrela izendatuta dago: “Bere zeregin profesionaletan erabili ohi dituen gailu eta ingurune digitalei loturiko arazo tekniko ez-konplexuak konpontzen ditu, eskura duen informazio edo eskuliburu teknikoa erabiliz”. Nire ustez, irakasle bati ezin zaio gutxiago eskatu.

Talde horrek behar duen aitortza eta denbora izan beharko lituzke bere lana fundamentuz garatu ahal izateko: irakasleengan autonomia digitala sustatu eta konpetentzia bultzatu ikasleek hiritar garapenean lagundu ahal izateko.

Utzi iruzkina